Iada 10 urte pasa dira behar bereziak zituzten umeen guraso talde batek Pausoka Elkartea sortu zuenetik. Urteurren hau ospatzeko eta hausnartzeko beharra sentitu dugu. Urte politak, gogorrak baina batez ere emankorrak izan dira eta hau guztia zuekin partekatu nahi dugu.
- 12 familiek osatu zuten hasiera batean baina gaur 100 familietik gora gaude elkartean
- 2 terapeutek egiten zuten lan bertan, gaur 17 langile ditu elkarteak
- Hernanin 2 gela besterik ez genituen, gaur Hernanin eta Urnietan gaude eta 13 gela egokituak dauzkagu terapiak emateko. Honetaz gain, Hernaniko igerilekuan ere ur-terapiako saioak ematen ditugu.
- Hasieran 2 disziplinetako terapiak jasotzeko aukera zuten umeek, gaur ordea 6 disziplinetako interbentzioak jasotzeko aukera dituzte ume eta familiek
Urte hauetan ume eta familia asko ezagutu ditugu eta elkarrekin asko ikasi, disfrutatu eta sufritu dugu. Gurekin ez dauden Maddi, Manuela, Oier, Olatz eta Nerea gogoratu nahi ditugu.
Hau guztia guraso talde indartsu eta langile batek egindako lanari esker izan da, eta ezin dugu ahaztu bidelagun izan ditugun lagun, elkarte, enpresa eta instituzioak. Hauei guztiei eskerrak eman nahi genizkieke.
Ospatzeko garaia da eta aurten Pausoka Eguna zuekin guztiekin gozatzeko prestatzen hasi gara. Berriro ere, Hernanin ospatuko dugu maiatzaren 28an Atsegindegiko plazan. Zatoz gurekin ospatzera!